Ikastolako krosa
Ikastolako krosa “Oihan” Elkarteko gurasoek antolatzen dute urtero, maiatz aldera, eta beti egoten gara egun eguzkitsu baten zain, egia baita halakoetan eguraldia lagun izan behar izaten dugula. Aurtengo ikasturtean, maiatzean izango da eta XXVII. edizioa ospatuko da.
Hasiera batean ikastolako eremutik kanpo burutu izan zen, Salburuako zelaietan, garaian landak baitziren eta ez, orain den bezala, Gasteizko jendeztatutako auzoa. Gero, beranduago, Aranako parkean ere ospatu izan zen. Eta azken urteotan ikastetxeko eremuaren barruan bertan aritu izan gara, egingarriago eta, azken finean, erosoagoa izan zaigu eta.
Proben ibilbideak badira 100 metrotik, hiru urteko umeentzat, 600 metrora, 6. mailako ikasleentzat. Helduek –gurasook, irakasleek edo ikasle-ohiek- 1.000 metroko ibilbidea egiten dute. Dena den, partehartzaile helduen gaitasuna ikusita, serio pensatzen ari gara helduentzako ibilbidearen luzera 1.500 metroraino handitzea.
Gure krosa ikastetxeen arteko proba da, eta B edo D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleentzat zuzenduta dago. Ez du inolako ezaugarri lehiakorrik eta bere helburuak badira kirol eta kultur sustapena eta elkarbizitza bultzatzea, giro alai eta euskaldunean.
Aurtengo zita maiatzean izango da. Biziki espero dugu denok animatzea parte hartzera, korrika eginez, animatuz edota horrelako ekintza konplexuek behar duten antolakuntzan lagunduz.
